Okupazio Egonaldiak SASTRAKA GAZTETXEAN Azaroak 19-20-21

Deialdiak

Zer dira okupazio egonaldiak?

Sastraka gaztetxean hiru eguneko jardunaldiak planteatzen ditugu. Bertan Euskal Herri osoko zein kanpoko zenbait lekutako okupazio mugimendu eta herri mugimenduko kideak batu nahi ditugu, elkarren artean, ezagutzeko, sinergiak sortzeko, gaztetxe eta espazio autogestionatuen gabeziak aztertzeko, antolatzeko, eta arazoei irtenbide eraginkorrak emateko tresnak sortzeko. Azken honi garrantzi berezia emanez, asteburu guztian zehar hitzaldiak eta tailerrak izango dira puntu zentrala, formazioari garrantzi berezia emanez. Beste batzuen artean, “Komunikazio estrategiak gune autogestionatuetan”, “Ezkerraldeko okupazioaren historia”, “Beldurraren kudeaketa eta erresistentzia tailerra” eta “Lurraren defentsan, Okupazioa lanabes” bezalako hitzaldiak proposatzen dira. Asteburuan Sastraka gaztetxe erraldoian jan, lo eta bizitzea da planteamendua, Euskal Herri guztiko jendea etortzera gonbidatu nahi dugu beraz.

Komunikatu politikoa:

Munduaren luze zabalean hedatzen den filosofia da okupazioa. Jendartearen alde kontserbadorenetatik ez onartua, askorentzako ezezaguna eta klase politikoak erreprimitzen duena. Baina bere izaera askatzaileak eta jabetza pribatuaren ikusmoldea dardarka jartzeko daukan gaitasunak bihurtzen du ingurua eraldatzeko tresna eraginkor.

Hirigintza planak gelditzeko, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, espekulazioaren aurka egiteko, amalurra defendatzeko; gazte, langile, emakume, ikasle… antolakuntzarako espazioak lortzeko; aisiaren erreprodukzio merkantilizatuari herri kulturaz erantzuteko, auzoen biziberritzerako, auzo boterea gorpuzteko… Finean, sistema basati hau arrakalatzen laguntzeko.

Sastraka Gaztetxean urtebete pasatxo daramagun honetan okupazio eta autogestioaren ertz batzuek gurutzatu gaituzte, eta esperientzia horietatik ikaspen asko, baina baita zalantza eta zenbait behar ere, sortu zaizkigu, hausnarketa lokal batetik abiatuta beste espazio eta kolektiboekin elkarbanatu nahiko genituzkeenak.

Horri erantzuten diote azaroaren 19, 20 eta 21ean antolatu nahi ditugun egonaldiek.

Okupazioaren alde praktiko eta teorikoenetik hasita (zelan okupatu, legeen inguruko jakintza, espazioen proiekzio komunikatiboa, desalojoen aurrean zer?…) mugimendu autogestionatuen alde humanoenera (asanbladetako gatazken kudeaketa, espazioetan ematen diren genero rolen desorekak, botere harremanak, momentu estuetan beldurraren kudeaketa…).

Hori guztia beste hainbeste mahainguru eta solasaldiz hornitua, eta aisialdirako eskaintza ere bermatuz. Izan ere, gure helburu nagusia beste proiektu batzuk ezagutu eta hauekin harremana egitea da, bertaratzen diren pertsonen artean sinergiak sortzeko; erasoen aurrean harreman sendoek indartzen gaituztela ulertzen dugu eta.

Mimo handiz antolatu ditugun egonaldiak dira, bertan jan, lo, dantzatu, hausnartu, sentitu eta  elkarbanatu, baina, bereziki, EZAGUTU, SARETU ETA INDARTZEKO aukera izango duguna.

Beraz, gorde azaroko 3. asteburua, Portugalete okupatuko dugu eta!


Egonaldietan parte hartzeko asmoa baduzue eman izena ahalik eta arinen egunotan LINK HONETAN.

Antolatzen ditugun lehen egonaldiak dira eta albait zehatzen eta arinen jakin nahiko genuke zenbat pertsona ibiliko diren asteburuan zehar.

Asko eskertuko genizueke zuen sare sozialetan eta inguruan deialdiaren zabalpena egingo bazenute.

ESKERRIK ASKO ETA LASTER ARTE!

OKUPAZIOA, AUTOGESTIOA ETA ASKATASUNA!