Errondoko Auzo Etxea, Lau Urtez Auzoa Berpizten

Irola Kalean

2021eko apirilak 4, igandea, eguerdiko ordubata, Sarrikoko parkean.

Lau urte.
Lau urte bete ditu San Inazioko espazio liberatuak. Lau urtez auzoa berpizten!
Zorionak Errondoko Auzo Etxea!

Aste honetan zehar ekintza piloa garatu dabez: Mahainguru eta liburu aurkezpenak; Erakusketak eta hitzaldiak; Rokodromoa eta boxeo masteklassa; Elektrizitate tailerra; Jam sesio eta kontzertuak; «Desalojo guztien gainetik, okupazioa aurrera!» lelopean, manifestazioa…
Eta domekan, urteurreneko aste honetako azken egunean, kalejira, Irolaren irratsaioa eta bazkalostean emanaldi batzuk ere egon ziren.

Errondoko Auzo Etxea: Lau urtez auzotik eta auzoarentzako, proiektu desberdinak garatzen. Rokodromoa, boxeoa edo zirkoa, adibidez, musika eta bestelako erakustaldi artistikoak, etxebizitzaren problematikari ere aurre eginez, Alogerekoak bezalako sindikatu bat eratuz; pandemiaren gogorrenean, babes sarea bultzatu zen Errondokotik; proiektzioak, tailerrak, jardunaldiak… auzotik eta auzoarentzako.

Ezin dogu burutik kendu aste honetan jakinarazi digutena: Errondoko desalojatzeko data jarri dute, maiatzak 5.

“Eraso hau ez da Errondoko Auzoetxearen kontra” dio komunikatuak, “gune autogestionatu eta okupatu guztien kontra baizik”.

Kasu honetan, EROSKI enpresa da desalojo honen atzean dagoena. Mondragon Kooperatiba. Ez dezagun ahaztu, jabetza pribatuaren izenean eta Estatuaren indarkeria erabilita, auzoetxearen kontra egingo dutela. Eta ondorioz, bertan garatzen den jardun politikoa kolokan jarriko dutela. Proiektuak aurrera eroatea askoz zailagoa izango dela, eta askok eten egin beharko dutela euren jarduera.

Errondoko Auzo Etxearen komunikatuan, desalojoak desmoralizazio funtzioa duela diote. Eta “eraso hauen aurrean, antolakuntza politikoaren beharra azpimarratu nahi dugu” diote. Datozen egunotan lanean jarraituko dutela espazioa defendatzeko. Beraz, egunak balio dezala, desmoralizazio hori gelditzeko, eta indarra hartzeko datozen egunotarako.

Esan bezala, Irola Irratiak Sarrikoko parkera eraman genituen gure katxarroak, zuzeneko Irola Kalean irratsaioa egiteko. Honetaz guztiaz aritu ginen, bi ordu luzez, gerizpean hotz apur bat eta soinu arazo batzuk pasatuta ere… baina edizioaren magia apur batekin, hemen duzue irratsaioa (berriro) entzuteko gogoekin zaudetenontzako.

ERRONDOKO IKUTU BEZ!


Deskargatu – Descarga | Entzun Archiven – Escúchalo en Archive

Entzun IROLA KALEAN saio gehiago Irola Irratian.