Aralucek bat-batean jarduera eten eta 141 langile kaleratu ditu enpresatik, poliziaren laguntzarekin

Albisteak

Albiste hau GEDAR Langile Kazetan argitaratu zen 2019/11/08an

Beharginei aldez aurretik jakinarazi gabe, Igorreko Araluce enpresak amaitutzat eman du bere jarduera, gaur goizaldean. Hala, likidatzaile bat eta Ertzaintza bertaratu dira lantokira, eta gaueko txanda egiten ari ziren bost langileak kanporatu dituzte. Guztira 141 langile kaleratu dituzte enpresaren itxierarekin, eta une honetan, elkarretaratzea ari dira egiten lantegiaren kanpoaldean. Ertzaintza ere bertan da, eta ez diete beharginei barrura sartzen uzten.

Igorreko (Bizkaia) Araluce enpresako zuzendaritza, sindikatuak eta langileak atzo elkartu ziren, baina ez zuten akordiorik erdietsi. Hala, jarraian jaso zuten kolpea beharginek; goizaldeko 01:00ak aldera, likidatzaile bat eta Ertzaintza bertaratu dira lantokira; eta gaueko txanda egiten ari ziren bost langileak kanporatu dituzte. Modu horretan jakin dute langileek enpresak amaitutzat eman duela bere jarduera, eta aldez aurretik ez zaie ezer jakinarazi. Itxierarekin, guztira 141 langile kaleratu ditu Batz taldeak.

Ordutik, langileak lantegiaren kanpoaldean daude bilduta. Ertzaintza ere bertan da, eta ez diete beharginei Araluce barrura sartzen uzten. Azaldu dute “tentsio handiko uneak” izan direla, eta poliziak hainbat aldiz kargatu duela jada. Badirudi enpresak lantoki barruan dagoen makineria eraman nahi duela orain.

Batz eta itxiera

Azken asteetan mobilizazioak egin dituzte Araluceko beharginek, dagoeneko martxan zegoen enpresaren likidazio prozesua salatzeko. Hala jakinarazi zuten 141 zirela kaleratuak izateko arriskuan zeuden langileak. Batz taldeak gidatu du itxiera prozesua, eta langileek urrian gaitzetsi zuten ez zutela inolako harremanik izan haiekin. Izan ere, esan zutenez, kooperatibak kontratatutako abokatuekin baino ez zuten hitz egin. Mondragon Kooperatibaren parte da Batz taldea.