M1Egin!-en efemerideak: ekainaren 28a, harrotasuna ez dago salgai

M1Egin Efemerideak

1969ko ekainaren 28an LGTB komunitateak poliziaren indarkeriaren kontrako erantzun zuzena eman zuen Stonewallen. Erantzun horrek mendebaldeko historia osoaren identitatearen aldarrikapena eta adierazpen ederrenetako bat izan zen. Ordutik hona ekainaren 28an Harrotasunaren eguna ospatzen da. Jadanik 50 urte. Harrotasuna ospatzen. Harrotasunez borrokatzen.

Sistema kapitalistak Stonewall borroka eredu eta sinboloa dela jakitun sinbolo hori bereganatu eta merkantilizatu nahi du. Izaera politiko guztiaz hustuz eta kapitalaren zerbitzuan jarriz Bilboko postala kolorez apaintzeko erabili.

Aspalditik Bilbo eliteentzako hiria bilakatzen ari dira eta tresna guztiez baliatuko dira helburu hori lortzeko. Bide horretan LGTB+ kolektiboaren erabilera interesatua profitatu nahi izan dute. Asimilatu eta kontsumo guneetara erakarri.

Kapitalismoak gatazka eta borrokarako grinik gabeko LGTB+ komunitate bat nahi du eta asimilazionismoaren bidez balore heteronormatiboak erreproduzitzen dituzten gay-ak sortzen ditu. Horren aurrean, berriro ere, mugimenduaren harrotasuna eta zorroztasuna ikusgarri geratu da. Bilbao Pride ez da gure eredua. Onargarria dena eta ez denaren arteko muga klase ertaineko gizon zis txuriak definitzen jarraitzen duen eredu hori ez da Bilborako nahi duguna.

Langile klaseko LGTB+ kideen presentziak euren postala zikindu eta itsusten du. Adierazpen sexu afektibo ez-normatiboek deseroso sentiarazten dituzte oraindik ere. Oraindik ere adierazpen horiek izaera politikoa baitute.

Bilbon modu batean edo bestean erasotuak izan diiren guztiei. Hiritik paseoan goitik beherako begiradak pairatzean burua altxatuz edota irribar xume batekin erantzun duten guztiei. Irainak jaso dituztenei. Kolpatuak izan direnei. Amorruz, duintasunez edo etsipenez behin eta berriro altxatu direnei eta bereziki, beste behin altxatzeko indar nahikorik izan ez dutenei. Oro har, borrokarako gai izan diren guzti horiei gure errespetu sakon eta zintzoena.

LGTB+ langileon harrotasunak denok harrotzen gaitu.

 

Descarga – Deskargatu | Escúchalo en Archive – Entzun Archiven

M1Egin!-en Efemerideak saioaren atal gehiago entzuteko, klikatu hemen