Galdakaoko Gaztetxea: 3 egunen kronika

Iritzi artikulua

Duela bi urte hustu zuten Ortuondo Gaztetxea. Geroztik, gazteok ez gara geldirik egon. Eztabaidatzen, saretzen eta antolatzen egon gara, eta paraleloki, okupazioaren aldeko dinamika zabal bat jarri dugu martxan, hitzaldi, mahainguru, bazkari eta mobilizazio desberdinekin.

Aurreko larunbatean, gazte egunarekin batera, bide horrek emandako fruituak ikusi ahal izan genituen. Maiatzaren 4 arratsaldean, galdakaoko ehundaka gazteren aurrean Gaztetxe berria aurkeztu genuen. Hau, Muguru plazan kokatuta zegoen, eta orain dela urte batzuk jubilatuen etxea izandako lokala zen. Hala ere, bazeramatzan urte batzuk erabilpenik gabe.

Okupazioaren berri eman eta jarraian, hurrengo egunerako auzolana deitu genuen, eta arratsaldeko 20:00etan asanblada irekira bertaratzeko deia zabaldu genuen. Ertzaintza, okupazioa publiko egin eta gutxira hurbildu zen Muguruko plazaren inguruetara lokalaren jabearekin batera. Hurrengo egunean jakin genuen jabeak larunbat gauean bertan jarri zuela salaketa.

Igandeko erresaka, ertzaintzaren bisitarekin hasi genuen goizean goizetik. 9:00etan, 6 ertzain eta lokalaren jabea Gaztetxeko atera hurbildu ziren, eta barruan zegoen gazteetako bat identifikatu zuten. Desalojo arriskuaren alarma pizturik genuen jada, eta hamarnaka gazte hurbildu ginen desalojoa ekiditeko intentzioarekin. Kanpoan zegoen gazteetako bat identifikatu ostean, ertzainek alde egin zuten.

Honen ostean, auzolanari ekin genion. Lokala atondu eta herriko kaleak pankarta eta kartelez bete genituen. Arratsaldeko 15:30etan, berriro ere ertzaintzaren bisita izan genuen. Hauek, Gaztetxe barruko gazte guztiak identifikatzeko agindua zeukaten. Barrukoek ezezkoarekin erantzun zuten, eta ertzaintzak Gaztetxean sartu edo irteten zen pertsona guztiak identifikatuko zituztela adierazi zuten.

Arratsaldeko 18:00etan lehenengo asanblada irekia burutu genuen, 50 gazte inguru

bertaratu ziren; egoera juridikoaren errepasoa, segurtasun txanden jarraipena eta hurrengo asteko egitaraua erabaki genituen. Ertzaintza ere, eguneko hirugarren aldiz bertaratu zen, gaztetxe kanpoaldean zeuden 2 kide identifikatu eta espazio barrura zein kanpora doan edozein identifikatuko zutela errepikatu zuten.

Astelehen goiza, auzolanarekin hasi genuen. Goizeko 12:00etan aldiz, astelehenero

pentsionisten mugimenduak antolatzen duen mobilizaziora hurbildu ginen Gaztetxearen berri ematera. Okupazioaren berri eman eta Gaztetxea pentsionistentzako ere zabalik zegoela adierazi genien, haien bilera, tailer edota hitzaldiak antolatzeko adibidez. Mobilizazioaren ostean, pentsionistentzako “luntx” bat antolatu genuen Gaztetxean, eta hauek okupatu berri genuen lokala ikusteko aukera izan zuten.

Arratsaldean auzolanarekin jarraitu genuen, eta 20:00etan asanblada irekian aurrera begirako mugarriak zehaztu genituen.

Astearte goizean, auzolanari ekin genion berriro. Arratsaldeko 18:00etarako autodefentsaren inguruko hitzaldi bat geneukan antolaturik, baina bertan behera utzi behar izan genuen, 17:00ak aldera ertzaintza hurbildu zelako Gaztetxera. Oraingoan ertzain asko bertaratu ziren, ​Brigada Movil​-ekoak ere, eta konturatu ginen hauek Gaztetxea desalojatzera zetoztela. Desalojo bitartean tentsio uneak bizi izan ziren, eta hainbat pertsona identifikatuak izan ziren desalojoaren irudiak grabatzeagatik Mozal legea aplikatuko zietela mehatxatuz. 45 minutuz atea ireki nahian ibili eta gero, ertzaintzak Gaztetxera sartzea lortu zuen. Barruan zeuden bi kideak identifikatu eta kanporatu ostean, lokala itxi zuten bi langileren laguntzaz.

Eraso honen aurrean, gazteok erantzun protokoloa martxan jarri genuen. Asteazkenerako, maiatzak 8, kazerolada zaratatsu bat deitu genuen Pontzi Zabala eta Juan Bautista Uriarte-ko bidegurutzean arratsaldeko 19:00etan, eta ostegunerako aldiz, manifestazioa antolatu genuen Udaletxe plazatik hasita arratsaldeko 19:00etan ere.

Amaitzeko, argi eta garbi adierazi nahi dugu bidea ez dela hemen amaitzen. Gazteok antolatzen eta mobilizatzen jarraituko dugu. Benetan sinesten dugulako, Gaztetxeak

sistema eraldatzeko tresna eraginkorrak eta beharrezkoak direla. Beraz, hau ez da hemen amaitzen.

GALDAKAOKO GAZTETXEA AURRERA!

EZ GAITUZUE GELDITUKO!

Galdakaoko Gazte Mugimendua