M1Egin!-en efemerideak: 1937ko apirilaren 26a, Gernikako Bonbardaketa

M1Egin Efemerideak

1937ko apirilaren 26an faxistek Gernika herria bonbardeatu zuten. Eguna ez zuten ausaz hautatu. Apirilaren 26a astelehena zen. Azoka eguna, beraz. Gernikara inguruko herrietatik ez ezik, Bilbotik ere jende andana hurbiltzen zen azokara astero. Ondorioz, sarraskia askoz handiagoa izan zen eta azoka eguna izanda suposa dezakegu zuzenean pairatu zutenen gehiengoa emakumeak izan zirela.

Gernikako bonbardaketa izan zen hegazkin militarrek herri oso bat suntsitu zuten lehenengo aldia. Bonbardaketen helburua ez zen izua jendarte zibilarengan piztea soilik, miliziano eta independentistengan ere bai; euren indarrak txikitzea, azken finean. Bonbardaketa gutxi balitz, faxistak bonbardaketaren errua “gorriei” egozten saiatu ziren. Hala ere, argi eta garbi dago alemaniar nazien Kondor Legioko eta italiar faxisten Aviazione Legionarako hegazkinek burutu zutela sarraskia.

Bonbardaketa 15:30etan hasi eta 3 bat orduz luzatu zen. Gernikako eraikinen %85 guztiz suntsituta geratu zen eta gainontzekoak egoera oso txarrean. Bonba su-eragileen ondorioz Gernika sutan ere egon zen egun batzuetan. Hildakoen kopurua 2000 baino gehiagokoa izan zen orduko Gernika 5000 biztanle inguru zuelarik. Bonbardaketa baino lehen, Gernika euskaldunontzako sinboloa zen eta mundu osoko sinbolo bilakatu zen bonbardaketaren ostean.

Descarga – Deskargatu | Escúchalo en Archive – Entzun Archiven