Hitzaldi bira bat eskainiko du udan Rojavan izandako brigadista talde batek

Deialdiak-Convocatorias


Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Euskal brigadistak Rojavan

Pasa den udan, Ekialde Hurbilean garatzen ari diren esperientzia iraultzaileen inguruko jakinminak bultzatuak, Euskal Herriko militante multzo bat Kurdistango Rojavara abiatu ginen. 2012tik, eta “udaberri arabiarren” testuinguruen baitan, urte luzez denon ahotan egon da Rojavako (Kurdistango mendebaldea, alegia) Konfederalismo Demokratikoaren proiektu politikoa.

Benetako iraultza al da? Zein hausnarketetatik dator historikoki mugimendu kurdoak aldarrikatutako estatu propio baten gaur egungo ukapena? Zeintzuk dira XXI.mendearen baitan iraultza batek dituen elementu garrantzitsuenak? Zein formatan garatzen ari da emakumeen borroka? Hauek eta beste hainbat galdera genituelarik ekin genion bideari. Ez pentsa, baina, galdera guztiei erantzuna topatu geniela.

Galderak argitu nahian bai, baina, hori ez da izan eduki dugun bultzada bakarra; Irmoki uste dugu beste herrien borrokak babestea eta bultzatzea iraultzaile guztion ardura dela, nahiz eta kritikak edota desadostasun konkretuak izan.

Internazionalismoaren praktikatik, Euskal Herriko militante gisa gure babesa adieraztera joan ginen haraino eta gure herrian hango esperientzia azaltzeari ekingo diogu datorren hilabeteetan.

Gure internazionalismoaren ulerkeran, beste borroketatik asko ikasteko dugula uste dugu, eta kasuan kasu, borrokarako baliogarriak diren elementuak hartu eta beste prozesuetan aplikatzea interesgarria dela deritzogu.

Rojavako Iraultzaren, Ekialde Hurbileko geopolitikaren, egitura politiko ezberdinen, antolakuntza moduen, militantzia ereduen, kontraesanen, ikaspenen…etabar luzen baten inguruan mintzatzeko hitzaldi bira bat antolatu dugu Euskal Herri osoan zehar. Guk bizitako esperientzatik sortutako analisi zein hausnarketa batzuk garatu ditugu, besterik gabe. Horretaz aparte, gai konkretu batzuekiko idatzizko hausnarketa zein kronikak plazaratuko ditugu.

Kurdistanekin elkartasunean topatuko garelakoan, interesa duen oro hitzaldietan parte hartzera animatzen dugu. Biji Kurdistan!