Gasteizko gaztetxearen 30 urteetako ibilbidea bildu dute liburu batean

Berriak

Askoren arteko lan luzearen ondorio da ‘Gasteizko gaztetxea. 30 urte’ liburua. Kronologikoki eta marrazkiz lagunduta antolatu dute kontakizuna: gaztetxea okupatu aurreko kanpainatik hasita gaur eguneraino.

 

Elkarlanean, lehen pertsonan eta marrazkiz lagunduta osatu dute autoedizo bidez argitaratu berri duten Gasteizko gaztetxea. 30 urte liburua: “Ez da AUTObiografia bat. KOMUNgrafia bat da”. Hain zuzen, liburua hamarnaka esku, buru eta bihotzek “erditu” dutela jakinarazi dute Gasteizko gaztetxeko kideek, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete prozesuan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei: “Komunean ditugun hamaika bizipen eta istorio jasotzen dituelako. Zuk eta nik, gure auzoak, gure hiriak, gaztetxe eta gune okupatuek, gure herriak. Komunetik idatzi duelako Gaztetxeak, patioko komun-zulotik. Gure genealogiak ez baititu palazioak edo unibertsitateak sorburu, estoldak eta ertzak baizik”.

Kronologikoki egin dute gaztetxearen historiaren kontakizuna, belaunaldi bakoitzeko gazteen ahotsetik abiatuta. Eta euskara hutsean: “Euskararen aldeko hautu kontziente baten ondorioz, baina naturaltasunez, aldi berean”. Liburuaren 1.000 ale argitaratu dituzte, eta gaurtik aurrera Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko leku askotan izango da eskuragarri (sare sozialen bidez jakinaraziko dute salmenta puntuen zerrenda).

Borrokarako tresna

“Borroka baten lekukotza eman nahi du liburu honek”, azaldu dute gaztetxeko kideek. Baina lekukotza hori ez da iraganera soilik mugatuko: “Ez da iragan eta soilik iragan den orbanik gabeko bide bezala marraztua. Kontrara. Bere argi-itzaletatik, orainaldian eta etorkizunean herrigintzan jarraitzeko ilusioen, sentsibilitateen, moduen eta arrazoien kontrabandorako erreminta bezala ulertzen dugu”. Hain zuzen, liburua borrokarako tresna izatea dute helburu nagusi: “Borroka baten transmisioa egin, borroka berriak elikatzeko”.