Emakumeen Mundu Martxako nazioarteko XI. topaketak hastear dira

(Si quieres leer la noticia en castellano clica aquí)

Badatoz “Batu indarrak, urrutira goaz!” lemapean Bilbon ospatuko diren Emakumeen Mundu Martxako XI. Nazioarteko topaketak eta joan den astean prentsaurrekoa eskaini zuen EHko Emakumeen Mundu Martxak Bilbon egitarauaren berri emateko. Urriaren 22tik 28ra luzatuko diren topaketetarako bi agenda paralelo osatu dituzte, batetik, ordezkarien bilerekin, eta bestetik, jarduera irekiekin.

Ordezkarien eztabaiden agendak honako eztabaida-lerroak jasotzen ditu astean zehar: mundu-mailako egoeraren  eta feminismoaren ekinbidearen analisia, bizitza jasangarriaren bidean estrategiak eta alternatibak, mugimendu feministaren analisia eta 2020rako ildoak zehaztea, lurraldekako planak eta ordezkariak zehaztea. Ostiralean, 26an, Emakumeen Mundu Martxaren V. Nazioarteko Ekintzaren deklarazioa aurkeztu eta deialdia ere zabalduko da topaketen atal honi amaiera emateko.

Esan bezala, hori ez da Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko Topaketek gurera ekarriko duen ekintza-multzo bakarra, eta aste osoan hainbat jarduera izango dira: mahainguruak, elkarreratzeak, kontzertuak, antzezlanak, Feministon HerriaIrola Irratiak egunez egun (eta nahikoa tartearekin) gogora ekarriko dizkizue guztiak, baina nabarmentzekoa da ekintza batzuek aurretik izena ematea eskatzen dutela.  Honakoak hain zuzen ere:

– Urriaren 23an 18:00etan egingo den ibilaldi historiko

– Urriaren 28an egingo den  Arratiara txangoa.

Bi ekintza horietan izena emateko formularioak webgune honetan aurkituko dituzue. Bertan zapatuan Feministon Herrian egingo den bazkari herrikoi eta begetarianorako tiketen salneurria eta horiek non erosi aurkituko duzue.