Okupazio, arrazakeria eta txiroen arteko gerraz hausnarketa batzuk

Iritzi artikulua

BILBOKO OKUPAZIO BULEGOAk argitaratua 2019/11/11-an

Urrian zehar okupazioaren praktikaren aurka eman diren erasoen harira, okupazioaren defendatzaile eta praktikatzaileak garenoi Ezkerraldeako gertakariek sortu dituzten diskurtsoak bereziki larriak iruditzen zaizkigu klasistak eta arrazistak direlako:

1 OKUPAZIOAREN KRIMINALIZAZIOA

– Azken hamarkadetatik hona krisi ekonomiko eta sozial sakona bizi dugu. Aberatsen eta txiroen arteko arrakala gero eta zabalagoa da. Txirotze kolektiboaren adierazleak esku batean (etxegabetzeak, kalean dagoen jendea, beheranzkoan dauden soldatak) eta higiezinen errenta bestean (klase ertainarentzako BOEak, gehiegizko alokairuak, pisu turistikoak, kapitalen metatzea, banketxeen fusioak, instituzioen ustelkeria…), argi dago okupazioaren klase izaera.
– Okupatzen dugunok oinarrizko behar bati erantzuteko eta ukatzen zaigun eskubide bat aurrera eramateko okupatzen dugu, edo espekulazio basatiaren eta higiezinen merkatuaren aurkako salaketa eta sabotaia tresna politiko moduan okupatzen dugu. Eta PNVk, PPk, Ciudadanosek eta gainerako euskal edo espainiar dirudunek, beraien soldatapeko komunikabide handiekin batera, Okupazioa erasotzen dutenean, txiroen kontraboterea kriminalizatzen ari dira higiezinen agentzia eta banketxe handien izenean, Jabetza Pribatuaren izenean.

2 ARRAZAKERIA, TXIROEN ARTEKO GERRA

– Okupazioaren aurkako eraso horrek ñabardura arrazista eta xenofobo argiak ditu. Izan ere, Ezkerraldeako gertakariek gutxiengo etnikoetakoak, arrazializatutakoak edo migratzaileak diren kideak jarri dituzte afera publikoaren erdigunean. Familiako 100 etxebizitza dituzten jabe handi euskaldun edo espainolak, higiezinen agentziak edo banketxe handiak izango balira okupak botatzen saiatzen direnak, erantzun herrikoia askoz errazagoa izango litzateke: kapitalistak eta espekulatzaileak familiak kale gorrian uzten beraien etekin ekonomikoaren mesedetan. Baina egoera ez da hori. Oraingoan auzokideak eta beste batzuetan borrokakide direnak dira etsaiari argudio eta irudi boteretsuak eman dizkiotenak. Txiroen arteko gerra errepikakorra da: bitartean, gosetuta gauzkatenak lasai askoan geratzen dira. Gehiago zaindu beharko genuke gure diskurtso eta ekintzen instrumentalizazioaren ondorioak pairatzen dituztenak.

3 ELKARBABESA vs JABETZA

– Okupazio mugimenduan urteetan abandonatutako etxebizitza eta espazioak okupatzearen alde gaude. Ahal dela jabe handienak, banketxeenak edo higiezinen agentzienak. Jabetzaren logikari kolektibizazioaren logika kontrajartzen diogu. Hiri segurtasunaren ideiari komunitatearena kontrajartzen diogu. Okupatzea autonomiaren, kolektiboaren, auzoko/herriko auzokideen arteko elkarbabesaren alde egitea da.
– Hala ere, etika hori ez da guztiona (okupak izan ala ez). Baliteke elkarbizitza arauak errespetatu ez, eta komunitateari edo auzoari arazoak eragin diezazkioketen auzokideak egotea. Langile klaseko jendea benetan bizi den etxeak zabaltzea, haiekin espekulatzea, edo etxebizitza horietan hirugarrengoak esplotatzea sarraskeria kapitalista da; banketxeek, higiezinen agentziek edo auzo herrikoietan pisu turistikoak erdiguneko prezioetan alokatzen dituztenek egiten duten berdina da.
– Eta horrek ez du okupazioarekin zerikusirik. Nazkagarriak leku guztietan daude: okupak, jabeak edo maizterrak. Hori dela eta, bizilagunen batzuek komunitateari edo auzo bizitzari arazoak sortzen badizkiete, ez da okupak edo pertsona arrazializatuak direlako; baizik eta sozialki ezarri zaien “jendilaje” rolari erantzuten diotelako, eta horregatik estigmatizatuak dira, edo norbaitek horrela joka dezaten ordaindu dielako edo hortik etekinik ateratzen duelako. Horri erreparatu behar zaio.

4 ARAZO ESTRUKTURALAK, KONPONBIDE ERRADIKALAK

– Ezin da guztiontzako etxebizitza eskubideaz eta espekulazioa deuseztatzeaz hitz egin, bizitzaren prekarizazioaz eta lan esplotazioaz hitz egin gabe. Klase borroka da. Eta borrokatzea da: HAPO (Hiri-Antolakuntzaren Plan Orokor) berriaren barruan etxebizitza berriak eraikitzeko Santurtzin mobbinga egiten ari diren higiezinen agentziak seinalatzea; auzoak eraberritzeko eta klase altuko jendearekin kolonizatzeko familiak etxegabetzen dituzten banketxe eta funts putreak begiz jotzea; matoi eta Desokupako nazi-faxistengandik babestea; argi edukitzea PNV, PPSOE, C’s, VOX edo PdCatek okupen kontrako polemikari etekina ateratzen diotela eztabaidaren ñabardura klasistak eta arrazistak elikatzearen bidez.

Horren aurrean guk, gainontzeko guztiok:
Ezkerraldeako bizilagun proletario GUZTIAK (etnia edo kultura bereizkeriarik gabe); auzo herrikoietan bizi garenok; Negurin nagusiak zaindu eta gazteluak garbitzen ditugunok; egunero komunitatea sortzen dugun okupok; eskubiderik eta paperik gabe bizirauten dugunok; eskolakideak ikastetxe “ez hain problematikoetara” aldatzen dituztelako lagunik gabe geratzen garen neskato ijitook; asteko egun guztietan lan egiten dugunok edo etxerik edo lanik gabe bizirauteko borrokatzen dugunok.

Elkarrekin borroka dezagun etxebizitza eskubideaz eta gure bizitzez berjabetzeko. Desjabetuen arteko elkartasuna berreraiki dezagun eta zuzen dezagun
gorrotoa gorantz, esplotatzaile, espekulatzaile eta haien Jabetza Pribatuaren kontra!

En castellano