Hego Uribeko Urriko martxa, urriaren 25tik 27ra

Deialdiak-Convocatorias

Aurtengo udazkenerako ere, Urriko Martxa antolatu dugu Hego Uribeko gazte asanbladetako zenbait kidek zein eragile ezberdinetako hainbat pertsonak. Aurreko urteko esperientzia zeinen aberasgarria izan zen ikusita, egitasmo honen bigarren edizioa prestatzeari ekin diogu ikasturte berriarekin batera.

2018ko martxari ezarri genizkion helburuak (gazteon arteko harremanak sendotzea, elkarren arteko konplizitatea garatzea, borroka komunitatea indartzea eta herrien arteko saretzea) mantentzen baditugu ere, aurten pauso bat urrunago joan behar ginela erabaki genuen eta gaur egun, gure eskualdeko antolakuntza-espresio ezberdinetan saretuta ez dauden gazteak, gurera hurbiltzeko apustua egingo dugu. Horren adibide dira, datozen asteetan Hego Uribeko hainbat ikastetxe eta gunetan egingo ditugun aurkezpenak. Adi deialdietara!

II. Urriko Martxa, urriko azken asteburuan asteburuan ospatuko dugu, 25etik 27ra hain zuzen.

Zaratamon emango diogu hasiera, azken ostiraleko euskal preso politiko eta iheslarien aldeko kontzentrazioan parte hartuz eta osteko harrera ekitaldi zein jolasei bide emanez. Bukatzeko bertso-afarian, Hego Uribeko bertsolari gazteek girotuko dute gaua.

Larunbat goizean lehengo martxarekin batera, Basaurira helduko gara. Bidean, Abiadura Handiko Trenaren kontrako borroken inguruko hausnarketa ezberdinak entzun ahalko ditugu, baita Malmasin menditik gure eskualdeko paisaia (langile perspektiba batetik) zelan antolatzen den ezagutu ere. Ibilbidea bukatuta, Basauriko Txarraska Gaztetxean bazkalduko dugu eta “Okupazio Kit-a” izena jarri diogun formakuntza praktiko/teoriko saioekin beteko dugu arratsaldeko lehen saioa; sarrailagintza, elektrizitatea eta igeltserotzan jarduteko oinarrizko ezagutzak konpartituz. Afaldu aurretik ordea, “163 días: la huelga de bandas” dokumentalaren proiekzioa izango da, Etxebarriko langileek 1966an aurrera eramandako grebaren nondik-norakoak ezagutzeko. Egunari amaiera emateko, karaokea egingo dugu.

Azken eguneko ibilaldiak Galdakaora eramango gaitu eta Artxanda mendian zehar, Gerra Zibilean eraikitako burdin-hesiaren aztarnak ikusteaz gain, hauen inguruko azalpenak jaso ahalko ditugu. Ibilbidea Gandasegi eskolako arkupetan bukatuko da, bertan bazkaldu eta amaierako ekitaldia ospatuko dugu. II. Urriko Martxari agur esateko, musikaz eta kantuz beteriko agurra burutuko dugu.

Asteburu osorako bonoek 25€ko prezioa izango dute eta egunez-egunekoek berriz 10€koa. Martxan bertan egingo dira bonoen ordainketak baina aurretiaz izena eman beharko da 656749771 zenbakian edo urrikomartxa@gmail.com helbidean.

Bukatzeko, II. Urriko Martxari lotutako informazio, ekintza eta produktu ezberdinak kaleratzen joango gara hurrengo egunetan. Hauen berri izateko jarrai gaitzazue gure sare-sozialetan (Twitter, Facebook, Instagram, YouTube) edo herrian-herriko Hego Uribeko gazte asanbladen kontuetan.

Urriko Martxa, borroka eta asanblada!
Lokatzetan aztarna utzi nahian!