Bizitza da handiena mugimenduak aurkezpen ekitaldia egingo du larunbatean

Deialdiak-Convocatorias

Euskal Herriko hainbat eragile eta sindikatuk bat egin dute maiatzaren 19tik aurrera Borroka Sozialen Astean parte hartzera deitu duen Bizitza da handiena taldearekin. Larunbat goizean mugimenduaren aurkezpen ekitaldia egingo dute, Bulebarrean.

Agintetik eramaten ari diren “herritarren aurkako politikei” aurre egiteko batuko dira egitasmo honen inguruan, tresna bezala desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena eta erresistentzia erabiliko dituztelarik. Zentzu horretan, Donostian eta mundu mailan ematen diren esperientzietatik ikasiz borroka molde berriak asmatzen ari direla adierazi dute mugimenduko kideek, biolentziarik gabe agintarien “politika injustuei” aurre egin eta “kultura politiko berri bat” eraikitzeko asmoa dutela azalduz.

Protesta kalera atera eta egungo egoerari erantzun bateratua emateko, lehenengo eguneko zein aste osoko ekitaldietan parte hartzeko deialdia zabaldu diete herritarrei. Kanpainaren filosofiarekin bat datozen Euskal Herriko mugimendu eta sindikatuei atxikimendua eskatu diete ere, datozen egunetarako are indar gehiago batzeko. Larunbateko aurkezpen ekitaldia 10:30etan izango da.