Komunismoa ipar… emakume langileok borrokan!

Artikulua

x

 

Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea:  Herri Mugimenduko neska gazte bat

Asteak dira jada nire herriko paretak, baita Wassapp taldeak ere, martxoaren 8an burutuko den paroko deialdiez bete direla. Nonahi daude kartelak ikusgai, baina ideia orokorretatik haratago, ezin izan dut arrazoiketa sendo eta garatuz osaturiko diskurtsorik aurkitu.

Gaztea naizen arren, urte asko dira jadanik militatzen hasi nintzenetik. Nire ibilbidea Gazte Antolakundeetan (bai, ni ere Segi eta Ernai harrapatu dituen belaunaldi horretakoa bainaiz), Gaztetxean eta herriko neska gazte taldean garatu dut. Ibilbide horretan Gazte Antolakundeetan, Gaztetxean zein herriko neska taldean ibili izan naiz. Eta esperientzia horretatik, ibilbide horretatik, indartu zaizkit aspalditik buruan neuzkan zenbait kezka.

Genero auziari dagokionean, nire baitan jadanik baneuzkan bi baieztapen berretsi ditu. Batetik, genero zapalkuntzaren gaindiketa harreman sozial kapitalistaren suntsipenarekin emango dela, ala ez dela emango; eta horrenbestean, emakume langileon askapena langile klasearen deuseztapenarekin lortuko dugula, ala ez dugula lortuko.

Bestetik, gure baitan daramagun kontzientzia burgesa deuseztatzea ez da militante izatearen ondorio mekaniko bat, maiz uste hori badugu ere. Militante izan arren, gure arteko harremanetan jokaera zapaltzaileak erreproduzitzen jarraitzen dugunez, maiztasun eta intentsitate baxuagoan bada ere, emakumeok gure kide diren gizonengandik datorren genero zapalkuntzari aurre egin behar diogu. Horregatik, halako kasuei aurre egiteko beharra dagoenetan, antolakuntza komunistaren baitako emakumeon auto-antolakuntza eta jardun propioa baliagarriak dira.

Behin kontzientzia burgesa aipatuta, honen eragina gizon-emakume harremanetatik haratago doala esateko beharra sentitzen dut: proiektu politikoarekiko daukagun konpromiso (eza), espazio kolektiboekiko daukagun zaintza (eza), kideen artean daukagun elkartasun (eza)… honen ondorio direlarik. Eta horrenbestean, interes zapaltzaileen identifikazioa eta hauekin bukatuko duen langile kontzientziaren eraketaren premia emakumeona izatetik haratago, proiektu politikoaren biziraupenarena da; hots, langile klase osoarena.

Heldu den martxoaren 8aren harira, Euskal Herrian Mugimendu Feministak (zehazki Emakumeen Mundu Martxaren erreferentziapean biltzen denak) deialdi bateratu bat egin du. Egun honen xedea emakumeek* mundu honetan bizitzen dituzten indarkeriak zein zapalkuntzak salatzea izango da. Horretarako, emakumeek* lanaldiei (ordu batzuez) eta etxe-giroko espazioan haien gain jausten diren erreprodukzio lanei (egun osoz) uko eginez, sistema eten nahi dute. Planto honen bitartez, burujabetzarako baldintzak sortuz.

Planteamenduari pare bat buelta eman dizkion edonork daki esandakoa ez dela kapitalismoa etetera iritsiko. Emakumeok familia eremuan burutzen ditugun lan erreproduktiboak burutzeari uko egiteak, desegonkortasun egoera bat sortuko du. Beharrizan batzuk, jatea kasu, ezinbestean egunero ase behar ditugunez, martxoaren 8an ere bete beharko ditugulako. Haatik, argi utzi nahi dut desnormalizazioa geure egunerokotasunaren oinarrizko antolaketa eran emango dela, hau da, etxe giroko harremantze ereduan (aurreikusi daitezkeen lan batzuk aurreko egunetan burutu daitezkeen arren, badaude atzeratu ezin daitezkeen lan batzuk, hirugarren pertsonen zaintza edo osasun arreta, esaterako) eta ez esplotazio kapitalistan, alegia.

Honekin ez dut balizko lorpen hau gutxietsi nahi. Izan ere, ezegonkortasun honek erreprodukzioaren funtsaren inguruko galderak mahi-gaineratzeko balio dezakeelakoan nago: langileok gure erreprodukzioa bermatu ahal izateko zertara kondenatuta gaude? Zergatik betetzen ditugu erreprodukzio lanak emakume langileok (langile zein burges familiatan)? Eta batez ere, zer egin behar dugu desjabetuok soldatarekiko menpekotasunik gabe erreproduzitzeko gaitasuna garatzeko?

Horrenbestean martxoaren 8an egingo den plantoari potentzial handia ikusten badiot ere, oinarrian daukan planteamendu politikoak galdera eta zalantza ugari sortzen dizkit; jarraian datozen lau puntuetan nire ustez barne biltzen dituen kontraesanak laburki aurkezten ahaleginduko naiz.

– Zabalduen dagoen diskurtso feministan erreprodukzio eta zaintza hitzak baliokide gisa erabiltzen dira. Erabilera hau okerra iruditzen zaidanez, nire ulerkeratik abiatuta, bi kontzeptuen argipen bat egiten saiatuko naiz; terminologiaren erabilpen egoki bat sustatzea helburu. Erreprodukzioaren baitan hiru multzo bereizten ditut, bizirauten jarraitzeko (eta daukagun bizi maila mantentzeko) egiten dugun lan oro ulertuz: batetik, oinarrizko beharrizanak (gureak zein besteenak) asetzearekin lotutako lanak: sukaldatzea, arropak garbitzea, etxea txukuntzea, entxufeak konpontzea, ortua lantzea…; Bestetik, ekintza hauek burutzeko behar ditugun lehengai zein tresna guztiak erosteko dirua lortzea (horretarako langileok gure lan-indarra soldatagatik trukatzera behartuta egonez). Eta azkenik, behar kultural zein afektiboak: lagunartean tragoak hartzea, sofan telebista ikustea, bikotekidea edukitzea…

Zaintza, berriz, gure proiektu politikoaren oinarri izan behar den harremantze eredua dela uste dut; gure artean behar erreproduktiboak, material zein afektiboak, kontzienteki asetzeko era. Espeziearen biziraupen hutsetik haratago, kolektiboaren garapen kultural-emozionala bilatuko duen eta elkartasuna motore izango duen praktika iraultzailearen harreman logika, hain zuzen.

Horrenbestean, erreprodukzioa, langileok kapitalismoaren baitan langileok klase sozial gisa bizirauteko lanak izendatzeko erabiliko nuke. Zaintza, aldiz, termino konbatibo gisa: metabolismo sozial kapitalistaren gaindipenena ahalbidetuko digun harremantze eredua izendatzeko. Egindako argipena kontuan izanik, argi geratzen da martxoaren 8an zaintza lanen greba egitea kontraesankorra dela borroka egun horietan are beharrezkoagoa bihurtzen delako gure arteko zaintza bermatzea. Hala, zaintzak burutzeari uko egitekotan, eraldaketaren oinarriari uko egingo genioke, eta proiektu politikoaren greba egiteak, soilik gu kaltetzen gaitu. Azpimarratu nahi dut, nire helburua ez dela eztabaida terminologiko hutsal bat sustatzea; izatez bi jarduera ezberdin direla argitzea baizik.

– Gaiari jarraiki, orokortzen ari den etxeko lanen inguruko diskurtsoa arriskutsua dirudit: emakumeek lan hauek trukean soldatarik jaso gabe burutzen dituztela salatzen dugunean, inplizituki, soldata jaso beharko luketela aldarrikatzen ari garelako. Hala, era kontziente ala inkontzientean, familia giroko harremanak ere merkantilizatzearen alde lerrokatzen gara. Hots, geure harreman estu eta kutunenak truke balioaren legearen baitan neurtu nahi ditugula, familia arteko harremanak merkantzia gisa identifikatuz.

Helburu nagusia geure buruen, denboraren, identitateen baita harremanen inguruko erabakimena lortzea bada, ezinbestekoa zaigu geure borrokak harreman sozial kapitalistaren osotasunarekin amaitzera bideratzea. Hala, emakume langileok garbi eduki behar dugu, gure zapaldu izaerarekin amaitzeko, nahitaez botere zein kontzientzia burgesa erreproduzitzeari utzi behar diogula; hots, soldatapeko lanaren menpeko bilakatzen gaituen desjabetu egoerarekin amaitu behar dugula.

Alabaina, egia da baieztapen orokor honek ez digula zuzenean bide-orri bat margotzen, baina bai noranzko bat argitzen. Eta batez ere, iraultza prozesua amaierara arte gara dezagun garrantzitsuena iruditzen zaidan gakoa: taktika ezin dela inoiz estrategiarekin kontraesanean sartu. Dihardugun gaira ekarrita, emakume langileon bizi-baldintzen hobekuntza (baldin eta berau egikaritzea nahi badugu) ezin dela inoiz helburu nagusiarekin: soldatapeko lanaren abolizioarekin eta oro har, harreman sozial berrien eraikuntzarekin.

– Behin eta berriro errepikatzen da feminismo(eta)tik xedea sistemaren erroko aldaketa bat dela; eta horrenbestean, aldaketa sozial eta politikoa aldaketa ekonomiko baten eskutik etorriko dela. Baina, jopuntuan egungo kontsumo eredua jartzen da, kontsumo eredu justu eta sozial bat aldarrikatuz.
Alabaina, kontuan hartuz gero kontsumoaren oinarria trukea dela, eta trukearen funtsa merkantzia; ohartuko gara, trukea justuagoa bihurtzearen saiakerak ez duela bere esentzia gainditzen: merkantzien elkartrukea. Eta horrenbestean, ekoizpen eredu kapitalista gainditzeko, kontsumoa bera jarri behar dugula jopuntuan: truke balioarekin amaitu ahal izateko.

– Laugarren kontraesana subjektuarena litzateke: emakumea subjektu politiko gisa ulertzea eztabaidan jarri nahi nuke. Honek, emakume ororen elkarrekintzara dei egiten du, bi klase sozialetako emakumeen batasuna aldarrikatuz, eta ondorioz, klase autonomia ukatuz. Baldin eta helburutzat sistema kapitalistarekin amaitzea badugu, hau da langileon esplotazioarekin, esplotatzailearen eta esplotatuaren arteko aliantza bultzatzea guztiz kontraesankorra da.

Emakume izateak ez du inoiz burgesaren klase interesa deuseztatzen (ez eta gurea ere); eta horrenbestean, aliantza taktikotzat identifikatzen den hau kontraesanean sartzen da helburu estrategikoarekin. Ala esplotatzailearen eskutik esplotazioarekin amaitzeko aukera izango dugulakoan gaude oraindik? Era honetan, emakume burgesak bere klase interesei uko egin arte (emakume langileon esplotatzailea den heinen) gure kide izatetik urruti, gure etsai zuzena da. Klase subjektua aldarrikatzen dut bere baitan subjektibitate ezberdinak onartuz.

Esandako guztiak kontuan hartuz, jadanik aipatu bezala nire helburua emakume langileok bizitzen dugun zapalkuntza zehatzaren aurkako borrokan ekarpena egitea izanik; espero dut, goian garatutako lau puntu hauek, militanteon artean hausnarketarako eta eztabaidarako baliagarri izatea.

Hamaika arrazoi dauzkagu emakume langileok martxoaren 8an Euskal Herri osoko kaleak hartzeko. Amorru eta grina guzti hori borroka tresna egokien indar eragile bilakatzean dago koxka, ordea.

Horrenbestean, genero zapalkuntza gainditzeko, gure bizien eta harremanen inguruko egiazko erabaki gaitasuna ahalbidetuko digun langile boterea eraikitzen jardun behar dugulakoan nago. Hala, sexuaren araberako lan banaketa, indarkeria sexista baita emakumeon zapaldu identitatearen gainditzekoko tresna errealak sortuz, eguneroko borrokaz emakume desjabetuak aske bilakatzeko lan eginez.

Soilik langileok amaituko dugulako langile klasearekin… martxoaren 8an, egunero bezala, emakume langileok borrokan jarraituko dugu! Kalean ikusiko dugu elkar!
Komunismoa ipar… gora emakume langileon borroka!

JTK!