Gurean Dokumentala

Euskal Herriko festetan urtero ehunka animalia gatibatzen, esplotatzen eta erailtzen dira. Sokamuturra, idi eta zaldi demak, ahari jokoak, zezenketak, arrantza eta ehiza txapelketak, asto lasterketak, animalia erakusketak, zaldi edo asto lasterketak… Adibideak amaiezinak dira, baina ezaugarri bat dute amankomunean: injustuak direla.

Festen inguruan gertatzen diren ekitaldi hauetan, gizakiak ez diren norbanakoak haien interesen aurka erabiltzen dira, gainean ibili, haiekin dibertitu edo hauei tiro egiteko. Jakinda beste animaliek guk bezala aske bizi eta errespeta daitezen nahi dutela, uste dugu ekitaldi horiek eraldatu egin behar ditugula.

Hori ikusita, Askekintzak Euskal Herriko festen inguruan inoiz egin den ikerketarik eta informazio-bilketarik handiena egin du. Azken lau urteetan Ikus-entzunezko milaka ordu eta argazkitan bildu du herriz herri animalia esplotatuek pairatzen dutena. Dokumentazio horrek argi erakusten du festetan gainontzeko animaliak haien borondatearen kontra erabiltzen direla, eta izugarria dela sufritzen duten zapalkuntza.

Herri gisa, lotsagarria da horrelako praktikak onartu eta, gure pribilegioak erabiliz, gizakiok beste animaliak esplotatzen jarraitzea. Ondorioz, dei egiten dizuegu Euskal Herriko jai batzorde, instituzio, kolektibo, eragile eta norbanako guztioi, festetan animaliak erabiltzeari utz diezaiozuen, gure aldarrira atxiki zaitezen eta gatazka honetan botere gutxien duenaren alde egin dezazuen.

Historian zehar, gure herriak aurrerapauso ugari eman ditu, harrotasunez, jendarte justuago bat sortzearen alde; orain, ordua da festetako animalien erabilerari aurre egiteko. Bada garaia festak guztiontzat, beste animaliak errespetatuz eta berdintasunean ospatzeko.

Zure Euskal Herriko kolektiboaren atxikipena komunikatu honetara gehitu nahi baduzu idatziguzu hurrengo helbidera: askekintza@riseup.net